Páginas

2010/01/24

Erromatarrak


Iruña Veleia baino lehen

Veleiako hiriaren garai erromatarra baino lehenagoko geruzetan, errealitate konplexu eta, duela gutxi arte, ia guztiz ezezaguna ezkutatzen da. Erromatarren aurreko populaketa Arkizko mendixkara mugatzen zela uste genuen, eta ondorengo hiriarekin dislokazio topografikoa zegoela . Hala ere, inguruaren azterketa sakonek eta hiri harresitu berantaren barruko erregistro estratigrafikoek emandako datuek azaltzen dutenez, hiri klasikoaren aurretik, Iruñaren lekuan dozenaka hektareako hedadura zuen herrixka egon zen. Ziurrenez, "gune nagusi" gisako funtzio-lanak egin zituen Zadorra ibaiaren haraneko bere eragin eremuan.

Berriki egindako ikerketek erakusten dute Brontze Aroaren Erdialdearen eta Brontze Aroaren Amaieraren artean Iruña okupatuta egon zela lehen aldiz. Asentamendu horrek okupatuta jarraitu zuen, etenik gabe, Kristo aurreko lehenengo milurte osoan zehar. Aurkitutako materialak kultura eraginen sare sakona azaltzen dute: kontinentalak, goi lautadakoak eta baita Ebro ibaiaren haraneko kultura eraginak ere. Horrela, II. Burdin Aroan garatu ziren garaiko aurrerapen garrantzitsuenak. Besteak beste, burdinaren metalurgiaren garapena, buztina lantzeko teknika berriak -tornu azkarra edo errota zirkularra-, eta horrekin batera, zerealen nekazaritza zabaldu zen. Aurkitutako etxebizitzak dira Brontze Aroaren amaierako eta I. Burdin Aroko tradizioaren egiaztapena, eta baita II. Burdin Arotik aurrera sartu ziren eredu mediterraneoenak ere. Zentzu horretan, kubetak (txabola atzeak) izan zirela egiaztatu da, eta baita lurzatiaren oinarri diren harkaitzetan hondeatutako posteentzako zuloak ere, ziurrenik, oinplano okerreko etxeei zegozkienak; hala ere, baziren etxe laukizuzenak ere, bertako kareharrizko lauzadun zapata jarraituko zimendatzeekin. Bi kasuetan, egitura egurrezkoa zen eta paretak, hormazkoak edo pezozkoak, estaldurak aldiz begetalak zituzten.


Veleiako hiria, jatorrietatik goi inperioaren amaiera bitarte

Herrixkak erromatar munduarekin izan zituen lehenengo kontaktuen zeharkako froga batzuk badauzkagu. Kasurako, Cariete eta Vennenseen (Iruña/Veleiako biztanleak giza talde horien partaide ziren) komunitate antolatu bat zegoen, bere patroiari ohorezko inskripzio bat eskaini ziona (Augustok Penintsulan utzitako ondareetako bat) eta inskripzio hori Area Sacra del Largo Argentinan (Erroma) topatu dute. Bestalde, herrixka indigenaren berrantolaketari buruzko lehenengo datuak tiberiar garaian kokatu dituzte ikerketa arkeologikoek. Hortik aurrerako informazioa mamitsuagoa da. Flaviar garaiko birmoldaketa oso garrantzitsua atzemanda zen, inguruko goi inperioko populazioaren finkatze garaiarekin bat etorri zena. Domus edo hirietako etxe handi batzuk guztiz birmoldatu zituzten, Veleiako "Impluviumeko Domus" (edo "Pompeya Valentinarena") ezagunarekin gertatu zen moduan. Kristo ondorengo II. mendean hirigintza erreformak (publikoak nahiz pribatuak) egon zirela frogatu dute: zolatzeak emendatzea, saneamenduak amortizatzea, eta abar. Esan daiteke goi inperioaren garaia dela Veleiako hiriaren garairik onena, eta baita bertako etxeek eta hiri inguruko eremuak zabalerarik handiena izan zuten garaia ere; 80 hektarea erraz betetzen zuten. Orain arte identifikatutako azpiegiturak bertan eraiki ziren: antzerki barrutia izan daitekeena, plazak, bi terma instalazio, eta abar.
Garai horretakoak dira baita ere Plinioren aipamenak eta berak jakinarazten digu Conventus Cluniensis-ean sartu zela eta Carieteak eta Vennenseak hari atxikitzen zitzaizkiola, bost polisekin batera. Era berean, Ptolomeok ere aipatu zuen Velia edo Veleia Karistiarren Mediterraneoko oppida-en artean zegoela.
Hain zuzen ere, Kristo ondorengo II. mendean koka dezakegu berriki enklabe horretan egindako indusketetan aurkitu den epigrafe zati bat, patronatuaren beste dokumentu baten zati izan litekeena.

Krisia eta egokitzapena


III. mendeko krisiaren ondorioz, Veleiako hiriaren azalera nabarmen murriztu zen. Hala eta guztiz ere, penintsulako erromanizazio berantaren estandarretarako, kontutan hartu beharreko nukleoa izaten jarraitu zuen, 10 Hektarea baino gehiago baitzituen. Hain zuzen, hiriak memento horretan hasi zuen azken obra publiko handia: hiria inguratzen zuen harresi sendoa. Kilometro eta erdi baino gehiagoko perimetroko gotorlekua zen, 4,4 eta 5,5 metroko horma-lodierarekin; mantentzen den altuera 8 metro baino gehiagokoa delarik. Oraindik ere ikus daitezke barruti horren dorreen 16 zimendu. Eraikinetik nabarmentzen dena hegoaldeko atea da, hiriko sarrera nagusia. Asentamenduko eraikin publiko eta nekropoli gehienak eraikuntzako materialen harrobi gisa erabili bide zituzten harresia egiterakoan. Hala ere, gotortutako eremuaren barruko bilbea oraindik ere Flavioren eta Antoninoren garaian egindako birmoldaketa handitik jasotakoa zen funtsean. Erregistro arkeologikoan berrikuntza sintomak jarraitzen ditugu aurkitzen (apaintzeko hormako margoak eta mosaikoak erabiltzen zituzten programa berriak edo etxeko berrikuntza txikiak).

Oraindik ere, laugarren mende osoan eta hurrengoaren lehenengo erdian beranterromatar "bizitasun" bereziaren frogak diraute. Honela, lehengo espazio publikoak berriz okupatzen dira, eta haien lekuan etxebizitzak eta artisautzarako instalazio sinpleak jarri. Haien artean, brontze txatarren forjako eta galdaketako metalurgiako tailerrak zeuden.

Lehengo hiriko bizilekuak erabiltzen jarraitu ziren, zati batzuk bada ere. Horrela, "Pompeya Valentinako Domusean", hondatutako tabernae-etariko batean, zabortegi bat jarri zuten. Veleiako hirian egiaztatu den eraberritze berrienetakoa da. Aurreragoko datuak mukerragoak dira. Hala ere, ehorzketa bakartuak ikusi dira, V. mendearen amaieraren eta VI. mendearen hasieraren artean datatu daitezkeenak, bizitzeko barruti zaharretik kanpo, hiria bera amaitzen den lekuan, Erdi Aroko epilogoa bitarte.

No hay comentarios:

Publicar un comentario