Páginas

2012/06/02

Bizkaiko jaurerria


Bizkaiko jaurerria XI. mendetik XIV. menderarte Bizkaian eta inguruko lurralde batzuetan garatu zuten Erdi Aroko aginte sistema izan zen.
Eneko Lopez "Ezkerra" Bizkaiko lehen jauna izan zen (1040an hasita) eta Gaztelako Joanes I.a (1379an amaituz).
Lau etxe edo leinu nagusi egon ziren Jaurerriaren historian: Haro, Borgoña, Lara eta Trastamarakoak.
Lurraldea garai hartan guztian bi multzo handitan banatzen zen:
Herri xehea, baserrietan eta landa munduan bizi zena eta elizatetan bizi zirenak.
Hiribilduak eta hiria, hiri-gutunak eta foru bereziak zituztenak, aparteko batzarrak antolatzen zituztenak: Balmaseda, Bermeo, Bilbo, Durango, Ermua, Gernika-Lumo, Lanestosa, Lekeitio, Markina-Xemein, Ondarroa, Otxandio, Portugalete, Plentzia, Urduña (hiria).
Enkarterria geroxeago batu zen Bizkaira.
Historia


Errekonkistaren hasieran, egungo Bizkaia osatzen zuten lurraldeetan Asturiasko Erresumak indar handia zuen.
1029an Antso III.a Nagusiak Gaztelako konderria konkistatu eta hamaika urtez Iruñeko erregeek jaun ta jabe izan ziren Bizkaian. 1040an, Haro leinuko Eneko Lopez Bizkaiko gobernadorea izan zen, Bizkai gunekoa hain zuzen ere, hau da, Enkarterri eta Durangoko Merinaldea kontuan hartu barik. Orduan Gaztela eta Nafarroa arteko liskarretan, Gaztelako kondea zen Fernando I.a Leon eta Gaztelakoaren alde egin eta honek laguntza eskertzeko Bizkaiko Jaun izendatu zuen, titulua jaraunspenezkoa izanik.
Diego Lopez I.a Harokoa eta bere semea zen Lope Diaz I.a Iruñeko erregeen basailuak izan ziren baina 1135ean Alfontso I.a hil zenean, Alfontso VII.a Gaztelakoaren alde egin zuten Gartzia V.a Nafarroakoaren kalterako. Orduko Enkarterri Gaztelako Erresumari lotuta zegoen eta Durangoko merinaldea, berriz, Nafarroako Erresumari.
Diego Lopez II.a Harokoa 1195. urteko almohadeen aurkako Alarcosko guduan eta 1212ko Navas de Tolosako guduan alferiz eta banderaduna izan eta gero, Gaztelako Alfonso VIII.ak Durango eman zion. Ordurako eta 1200 inguruan Gaztelako Erresumak Nafarroako Erresumako mendebaldeko lurraldeak konkistatuak zituen, tartean Durangaldea.
Bestetik, apurka-apurka, Erdi Aroan zehar, Enkarterriek Bizkaiko jaurerriarekiko lotura sendotu zuten, bai ezkontzaz, bai dohaintzaz; eta XIII. menderako, Haro leinukoek Enkarterriak menpean zituzten.
Belaunaldiz belaunaldi Gaztelako Erresuman leinu boteretsuenetariko bat zen Harotarrak Bizkaiko jaunak izan ziren, amaren partez 1370ean Joanes Gaztelakoak jaso arte. Honek aitaren partez, Gaztelako Erresuma jarauntsi eta handik aurrera Bizkaiko jaunaren titulua, hasieran, Gaztelako koroari eta Karlos I.a, eta gero, Espainiakoari, lotuta izan zen.




Erregeek, bizkaitarrek bere aldean izateko, Jaun bilakatzeko Bizkaiko foruak mantendu eta defenditzea zin egin behar zuen. Hona hemen zin egiteko esaten zituen berbak, gaur egungo bizkaiera batura itzuliak (originalak gaztelaniaz dira):


« Nik, Bizkaiko Jaunak, zin egiten dot
zintzoro ta egitan zaindu,
gorde eta gordeazo egingo dodazala
Bizkaitarren askatasun,
eskubide, usario eta ohiturak,
bardin Lur-Edegikoak
zein uri eta uribilduetakoak,
zein Enkarterri eta Durangaldekoak,
orain arte lez izan dabezan moduan,
euren borondatea horixe da eta.
 »
Zina ondo egiteko zin-bidea egin behar zuen, Bizkaiko Foru Zaharraren II. Legearen 1. Atalean esaten zuen moduan: Bilboko hiribilduaren ateetan, Larrabetzuko San Emeterio eta San Zeledonioren eleizan, Gernikan bertako arbolapean eta Bermeoko Santa Eufemia elizan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada